Iztueta Esnekiak

Esnetan bizi gara

Iztueta Esnekiak etxeko arduradunek jogurt ontzien packaging berriaz arduratu gintezen jo zuten guregana. Produktua ikertzen hasi ginenean, enpresaren izaera eta kultura ezagutu genituen, eta berehala ohartu ginen bere eskaintzaren balioaz, eta, ondorioz, merkatu aukerez. Hala bada, komunikazio estrategia oso batekin lan egiteko proposamena egin genien: marka eta produktu azterketa, posizionamendua, marka nortasun berritua, istoriogintza, produktuen packaging berriaren diseinu grafikoa, promozio euskarrien erredakzioa, harreman publikoak, aurkezpenak, publizitatea…

 

Iztueta baserria Lazkaomendiko magaletan dago, Gipuzkoako Goierrin, eta bertan, sendi bereko kideek lau belaunalditan dihardute esnegintzan. Euskal Herriko lehen sektorearen egoera gero eta zailagoa izan arren, baserriko bizimodua gaurkotzea eta bertatik goi-mailako produktuak ekoiztea da Iztuetaren apustua.

 

Etxeko esne bikaina da Iztueta esnekien lehengaia, baserriko larreetan bazkatzen diren behiei jetzi berria, eta tradiziotik etorkizunari begira, betiko artisauen kultura eta gaurko teknologia onena uztartzen dute, Europako ereduak gurera ekarriz, euskal kontsumitzaileei konfiantzazko zapore berritzaileak eskaintzeko.

 

Baserriko delicatessen esnekiak dira Iztuetak ekoizten dituenak. Goi-mailako produktuak egiten dituzte, Austria, Alemania, Inglaterra edo Holandako ustiategi ertainetan bezala lan eginez Lazkaomendiko inguruetan, sektoreko hainbat profesionalekin elkarlanean: ingeniari agronomoak, elikadura ikertzaileak, sukaldariak eta kultura gastronomikoaren dibulgatzaileak, besteak beste.

 

Hiru ezaugarrik definitzen dute, beraz, Iztueta esnekien posizionamendua: goi-mailako produktuak dira; marka euskalduna da; eta kultura esnegile handiko lan-taldea osatzen dute. Posizionamendu hori irudiz eta hitzez ezartzeko tradizioa eta kalitatea iradokitzen dituen tipografiaren dotorezia klasikoari jarraitu diogu, diseinu grafikoa sortzerako orduan ilustrazioak eta ur-margoak landuz, eta marka-leloa zehazteko euskarazko esamolde bat berrituz: esnetan bizi gara.

 

Marka nortasun berritu horrekin jogurtak merkaturatzea izan da lehenengo urratsa, etorkizunean ekintza eta zabalbide gehiago ekarriko dituen komunikazio estrategia ezartzen hasiz. Besteren artean, izozkiak eta esnea packaging berriarekin merkaturatzea ere laster etorriko da, baita beste hainbat kanal berritzea eta bestelako ekintzak ere: webgunea, ibilgailuen eta baserriaren errotulazioa, markaren ikus-entzunezko berria, esneki berrien aurkezpen eta dastaketak, kultura esnezalearen dibulgaziorako ekimenak…

 

Iztueta jogurt berrien aurkezpenak utzi digun aho-gozo onarekin jarraituko dugu Lazkaomendiko markarekin lankidetzan, gehiagorako gogoa pizten digun zaporearekin, gerora ere esnetan bizitzeko asmoz.

2016/11/17

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR