Avignongo Foroa: kultura eta hiri-marka

Bilboko Alhondigan izan gara  martxoaren 6an eta 7an, Avignongo Foroak bertan antolaturiko ‘Hiria kultur ekosistema gisa’ jardunaldietan. Arduradun politikoen aurkezpenetik bertatik ezarrita geratu zen Avignongo Foroaren pentsamendu esparru nagusia: kulturak hiri baten markan zein turismo mailako erakargarritasunean izan dezakeen garrantzia, eta horrek hiri osoari ekarri diezaiokeen irabazi ekonomikoa. Bilbo eta Guggenheim binomioarena ez ezik, beste hainbat adibide ere ezagutu genituen Alondegian: Nantes eta Doha, berbarako.

Avignongo Foroa Alhondiga Bilbo

Urteotan zehar eta oraintxe bertan esku artean ditugun hainbat lanegaz loturiko gaia den aldetik, ondoko bost gogoetak interesatu zitzaizkigun:

Katrín Jakobsdóttir Islandiako Hezkuntza, Zientzia eta Kultura ministro ohiak 2008ko finantza krisia eta gero kulturak jokatu zuen papera azaldu zigun, “herritarrek bizimodu kultural ez hain materialista eta parte-hartzaileagoa” eskatzen zutela-eta. Gobernuak austeritate programa martxan ipini arren, horrek ez zion eragin kultur politikari, eta artistek rol garrantzitsua jokatu zuten balio kulturalak azpimarratzeko orduan. Kulturak Islandia osoa aldatu ei du geroztik, diru-iturri baino gehiago bizkar-hezur bihurtuz.

Gail Lord Kanadako Lord Cultural Resourceseko zuzendariak mendebaldean luze iraungo duen trantsizio batean gaudela esanaz hasi zuen bere hitzaldia, “erronka ikuspegi pragmatikoagoa eta pertsonengan zentratuagoa” dela esanez. Gertakari eta dinamika handiak espazio handietan gertatzen direla uste badu ere, azpiegitura nahikoa dauden herrialdeetan behetik gorako prozesuak landu beharra defendatu zuen, eta Chicagoko Kultura Plana ipini zuen adibide: 14.000 laguni galdetu  zitzaien, auzoz auzo, eta eskolan eragitea, herri-eragileen ekimenei laguntzea eta arlo guztietako arduradunek (osasungintzakoek, hirigintzakoek…) artistekin elkarlanean jardutea izan ziren eskariak.

Jochen Sandig Berlingo Radialsystemeko zuzendari artistikoak Alemaniako hiriburuan harresia bota zutenez geroztik emandako aldaketa pertsonek egin zutela azaldu zuen; mundu osotik joan eta auzoetan deneriko proiektu txikiak martxan ipini zituzten 40.000 pertsonek, zehaztu zuenez. Espazio partekatu komunitarioen garrantzia azpimarratu zuen, sortzaileak ez ezik auzoetako biztanleak harremanetan jartzeko. Eta estrategia zurrunegien lekuan ustekabeei lekua egiteko gaitasuna zaintzeari garrantzia eman zion, “sorkuntza ez hiltzeko”.

Guadalupe Echevarríak, Donostia 2016ko kultur zuzendariak, artistek euren burua bertan kokatzeko hiriek bete behar dituzten baldintzez jardun zuen, eta Berlin edo Bruselas lako kasuetan oinarrituz honakoak zehaztu zituen: alokairu merkeak; beste sortzaile eta zentro batzuek osatutako ekosistema; ingurune sozial anitza; eta harreman esparru lokala zein globala. Artistek horiek eskatzen dituztela jakinik “Euskal Herriko hiriak artistak kokatzeko egokiak al dira?” galdetu zuen.

Evelyn Lehalle Nouveau Tourisme Cultureleko zuzendariak, azkenik, gaur egungo turismo kulturalaren ezaugarriak zehaztu zituen, ondokoak landu beharra azpimarratuz: bisitarien eta bertakoen arteko harremana ; eskaintza eta kudeaketa modu horizontalagoa; fisikoki bertaratuko ez diren e-bisitariak; eta hiri handien eta eskualdeen osagarritasuna. “Europa kreatiboa hiri handiak eta txikiak dira, eta eskualdeek euren marka izan dezakete” esanez amaitu zuen.

Bestelako gogoeta ondo interesgarriak ere entzun genituen jardunaldiotan, zelan ez. Txomin Badiola euskal artistak, adibidez, hiria ez dela ekosistema amablea argitu gura izan zuen: “artistek piztia salbaiak izan beharko genuke, baina zoologikoa gara”. Beatriz Garcia Liverpooleko Unibertsitateko ikerlariak hirian benetan zelan eragin eta eragin hori zelan iraunarazi landu zuen, eta “artistek galderak” egin behar dituztela defendatu zuen, “aldaketak egiteko erabakiak hartu ditzaketenekiko inplikazio txukun batekin”. Eta María Dur Dean Bilboko Consonni produkzio-etxeko zuzendariak, berriz, tokian tokiko sortzaileen eta eragileen lan-baldintza prekarioez jardun zuen: “hirietako agintariek hor zehar bilatzen dutena, askotan, hirian bertan dago, eta jakinarazi egin behar zaie”.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR