20. Korrika

BAT zuk

 

Korrika beti izan da ekimen garrantzitsua da Euskal Herrian, euskalgintzako zein arlo guztietako eragileak elkartzen dituelako, aldez edo moldez, bi urterik behin  herririk herri doan eta euskararen aldeko festa bihurtzen den karrerak. Eta, noski, euskararen komunikazioari dagokionez indar berezia du: pentsamendua, ekintza eta emozioa uztartzen ditu, eta zabalkunde handia du.

 

Hogeigarren Korrika garai esanguratsuan heldu da: euskararen auzia eztabaida sozial eta politikoan aukera eta mehatxu berrien aurrean dago; eta euskalgintza diskurtso berri eta estrategia konpartitu baten bilaketatik formulaziora jotzen, bere indargune eta ahulguneen jakitun.

 

Testuinguru horretan, euskararekiko jarrera ona duten erdaldunak hartu ditu AEK-k xede-taldetzat; horietako asko eskolan euskara ikasitako elebidun pasiboak. Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren mezuarekin bat egitera gonbidatu nahi ditu 20. Korrikak euskal herritar horiek guztiak, kultur aniztasun unibertsala bultzatuz.

 

Estrategia horri erantzunez hitzezko kontzeptu hirukoitza landu dugu. Bat, zuk, batzuk: norbanakoa, aktibazioa eta kolektiboa; norberarena, bestea eta unibertsala. Batzeko dei bat da: norbanako bakoitzak hizkuntza, kultura eta mundu bat gehitzeko gonbidapena, norbere burua aberastuz; eta guztion artean hizkuntzak, kulturak eta munduak batzekoa, jendarte unibertsalagoa sortuz.

 

Diseinugintza grafikoan sorkuntza kontzeptu berari heldu diogu: bat eta hamaika, berdin eta ezberdin, hemen eta munduan. Eta, zelan ez, Korrika berez zer den ere lotu diogu irudigintza lan horri: pertsona eta jendetza, mugimendu biderkatua, argi koloreanitza egunez eta gauez.

 

Kolore ezberdineko sei hizki (B, A, T, Z, U, K) elkarrekin nahastean sortzen den aniztasun biderkatzailearekin diseinatu dugu marka nortasuna. Eta hizki eta kolore horiei argia ere eman diegu. Hitzezko eta irudizko marka nortasun horretan sintetizatu dugu, bada, 20. Korrika honetan komunikatu nahi duguna: aniztasuna, berdintasuna, kultur aberastasuna, norbanakoa, kolektiboa, aktibazioa, mugimendua, bertakoa, unibertsala…

 

Komunikazio kanpainaren estrategiarako irizpideak ezarri genituen, bada, lehenik: diskurtsoa, hedabide plana, aurkezpen eta ekitaldiak, ikus-entzunezkoak… Ondoren, hainbat euskarri gauzatzeaz arduratu gara: marka nortasunaren eskuliburua, spota, kartel grafikoak, papergintza, errotulazioa, arropa, petoa, furgoneta…

 

2016/11/09

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR