Sorkuntza-prozesua: estrategiatik ideiara

Komunikazio eta diseinu grafikoko agentzia batentzat, lan bakoitzaren argibideetan oinarrituriko estrategiaren ondoren funtsezko elementu erabakigarria dator: sorkuntza-prozesua; etengabe aritzen baikara proiektuak sortzeko eta definitzeko jarraibideak aplikatzen. Dokumentazioa bilatu dugu gure irizpidea kontrastatzeko, eta bilaketaren emaitza argia eta zehatza da, sorkuntza-prozesuak lau fase dituela ondoriozta daiteke: prestaketa, inkubazioa, argi-unea eta egiaztapena. Eskuliburu orokor gisa, ondo, baina sorkuntza-prozesua oso gauza pertsonala da, gutako bakoitzak bere metodoa du, eta sorkuntza-prozesua kaosari lotua egoten da askotan. Eta kaos hori orrazten joaten gara ideia marraztu arte. Ondoren, ideiak komunikazio estrategia ondo betetzen duen ala ez aztertu beharko da.

Gure barrura begira jarri gara une batez, eta beti sormenari lotuta dagoen kaos horretan ordena apur bat jarrita, ia beti errepikatzen diren prozesuaren sei une defini daitezke:

1. BEHAKETA ETA GOGOETA: Lehenengo urrats hori mentala da beti. Beste inork eskatuta izan nahiz gure geure ekimenez izan, proiektua sortzen denean mekanismoa abian jartzen da berez. Zein da premia? Zer baliabide ditugu?

2. BURUTIK ARBELERA: Ia aldi berean, burura etortzen zaizkigun ideia eta kontzeptu guztiak arbelean (edo paperean) islatzen ditugu, bai zerrenda amaigabeak eginez, bai zirriborroak eta zirrimarrak eginez.

3. INSPIRAZIOAREN BILA: Benetan lanari ekin aurretik galdera bera etortzen zaigu beti gogora: zer konponbide eman diote honi beste batzuek? Zer nolako gauzak egin dira aurretik? Batzuen ustez, une honetan beste batzuen lana ikusteak norberaren sormena baldintzatu besterik ez du egiten, baina… inork uste al du, bada, zerbait berrian berritik sortzen dugunean, hutsetik hasten garela? Funtsean, ideiak modu adierazgarri eta originalean elkarlotzeko gaitasuna da sormena; baina sortzen dugun ezer ez da guztiz gurea. Inspiratzen gaituzten ideiak edozein tokitatik etor daitezke, modu kontziente zein inkontzientean.

4. MARRAZTU, MARRAZTU ETA MARRAZTU: Inspirazioz ase ostean, lehenengo ideiak sortzen hasiko dira, eta horiekin batera, lehenengo zirriborroak: marrazteko unea iritsi da. Batzuetan, balio dezakeen zerbaitetara iristen hasten gara fase honetan, baina ez da beti horrela izaten.

5. TRABATZE-UNEA ETA TXAKOLINA: Saihestezina da, prozesuaren une batean ez bada, beste batean, horma handi hori agertuko zaigu. Batzuetan, gainera, hain handia da ezen ez baitugu haren gainetik ezertxo ere ikusten. Baina garrantzitsuena hor ez geratzea da, apur bat lasaitu eta odola arintzeko unea da, eta zer hobe, ardo fresko bat eta barre batzuk baino? Trabatzea prozesuaren parte bat da eta, batzuetan ikusteko gai ez bagara ere, beti dago bizitza barraren beste aldean.

6. IHESA: Trabatze une hori gainditzeko modurik onena atseden hartzea da: burua pentsamenduz garbitu eta paperetik eta ordenagailutik urrundu, ahalik eta gehien. Paseo bat, lo-kuluxka bat… Eta harrigarria bada ere, ihes egiten dugun une horretan bertan, edo batzuen kasuan, ihesalditik itzuli eta berehala, ttak!, pieza bakoitzak bere lekua hartzen du.

7. SORKUNTZA: Ideien jarioa berezkoa da, elkarren atzetik isurtzen dira… eta magia dirudi. Sena edo intuizioa berebizikoa da, berak esango dizu egin duzun horrek balio duela eta zurekin bat datorrela. Eroso zaude, eta orduan gogoratzen duzu zergatik gustatzen zaizun horrenbeste egiten duzuna, egiten duzun hori edozer dela ere.

Halakoxea da sorkuntza-prozesua.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR