Emun marka berposizionatzen

1997an sortu zuten Emun kooperatiba, lan mundua euskalduntzeko. Hamabost urteko ibilbidea eta gero, orain, gizartearen gaur egungo behar eta eskariei egokituz, aholkularitza eta zerbitzu eskaintza ugaritu ditu: Hizkuntza Zerbitzuez gainera, Kultura Zerbitzuak, Immigrazio eta Aniztasun Zerbitzuak eta Parte Hartze Zerbitzuak eskainiko dituzte. Urrats garrantzitsu hori egiteko, gugan jarri dute konfiantza Emun marka berposizionatzeko estrategiaz eta ezartzeko komunikazio planaz arduratzeko. Eta guk gogotsu ekin diogu lanari.

[vimeo_video id=”68697078″ height=”” width=””]

 

Marka Azterketa

Marka azterketak ondorio garbiak erakutsi zizkigun. Lehiakortasun aldetik bereizgarri handiak ditu Emunek: lider da euskara planetan, euskaltzaletasunaren ikuspegiak bereizten du kultura eta aniztasun zerbitzuetan, eta berezko lan-molde du parte hartzea. Irudi aldetik, berriz, balio-kapital aberatsa onartzen zaio: formakuntza, inplikazioa, gertutasuna eta eraginkortasuna. Nortasun aldetik, azkenik, ondokoak ditu ezaugarri: profesionaltasuna, kultura berritzailea, taldearen indarra eta bezeroen bidelagun izaera.

Posizionamendua

Emunen bezeria enpresa pribatu ertain-handiak eta deneriko administrazioak izanik, horien artean Emun marka berposizionatzeko ondoko ideia bereizgarria zehaztu genuen: “Aholkularitza eta zerbitzu profesionala hizkuntza ohiturak, kulturgintza herritarra, aniztasun gaiak eta parte hartze prozesuak euskaltzaletasunean ardazturik lantzeko”. Onura hori sinesgarritasunez eskaintzeko argudioak baditu Emunek: diskurtso propioa, profesionaltasuna eta esperientzia frogatzen dituzten lanak eta bezeroak, lan arlo horietan etengabeko formakuntza programa, bertako langileak eta euren lan-ohiturak…

Erakunde Nortasuna

Posizionamendu desiratu hori lantzeko, bezeroari balio-proposamen ardatza egingo dion eta lau zerbitzuei sendotasuna eta kohesioa emango dien markaren erakunde nortasuna landu dugu, marka-lelo honekin: “Euskara eta berrikuntza soziala”. Ikurra hizketa-bunbuilo bat da, emunen zein euskararen ‘e’ hizkiaren bihotzetik atera eta 180º biratu duguna, ahotsa bezeroei emanez, haien beharrei erantzuteko. Tipografiari dagokionez, Sansa aukeratu dugu, eta kolorea, berriz, ubel iluna, konfiantza, dotorezia eta kalitatea iradokiz. Erakunde nortasun nagusi horrekin, lau zerbitzuak ubel iluna osatzen duten koloreak banatuz desberdindu ditugu: urdina, horia, gorria eta berdea.

Marka Ezartzea

Orain Emun marka ezartzeko lana hasi da: ekainaren 20an eman zituen ezagutzera Emunek bere eskaintza berria eta erakunde nortasuna Bilboko Euskalduna Jauregian. Hemendik aurrera Emunkideak eurak dira, aholkularitza eta zerbitzu lan ona egiteaz gainera, komunikazio lana gauzatuko dutenak. Guk irizpide nagusiak eta gomendioak bildu dizkiegu komunikazio estrategian, eta epe labur-ertaineko ekintza plana ere bai. Ez dugu dudarik horretan ere profesionaltasunez, inplikazioz, taldearen indarrez eta eraginkortasunez lan egingo dutela.

Gehiago jakiteko:

Emunen wegunea: www.emun.com

Emunen blogak: Hizkuntza Zerbitzuak, Kultura Zerbitzuak, Immigrazio eta Aniztasun Zerbitzuak.

Emunen Twitter kontuak: Emun Aholkulariak, Hizkuntza, Kultura, Immigrazio eta Aniztasuna.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR