Komunikazioa hedapen eta kudeaketa tresna da

Enpresa edo erakunde baten marka estrategia ezartzea ardura handiarekin egiten den lana da. Marka azterketa ondo egin nahi bada, erakundearen langileengan eta egituran ondo sakondu behar da, zehaztasun txikiena ere kontuan eduki ahal izateko: barne kultura, kanpo irudia, ahots ezberdinak, xede taldeak, noiz esan zer eta noiz ez esan, euskarriak, tonua…

Komunikazio agentziak markaren unean uneko argazkia egiten du, beraz, lehenik.

Enpresa eta erakundeetako pertsonek satisfazioz bizi ohi dituzte lanketaren ondorioak, erabakiak eta egiteko moduak: barne zein kanpo komunikazioa fokatzea lortzen dugu; ahuleziak eta indarguneak, konpetentziarekiko kokapena, aliatuak zeintzuk izan daitezkeen… Komunikazio estrategia batek, azken batean, bi-hiru urtera egitea nahi genukeen argazkia zehazten du.

Lana bukatutakoan ematen du, beraz, enpresa edo erakunde hori bere helburuak lortzeko prestatuago dagoela; gertuago sentitzen dela helburu horietatik. Badakite zer norabide hartu behar duten, nori eta nola hitz egin. Erakundeak hartu ditu erabakiak eta diru inbertsioa egin du komunikazio plan hori zehazteko: izaera berri bat, irudi jakin bat lortzea du helburu; baloreak berrikusi eta defendatzea; marka irudia aldatzea, beharrezkoa denean.

Baina, jakina denez, pertsonoi norabidez aldatzea oso neketsua egiten zaigu.

Ohikoa da enpresek eta erakundeek norabidez aldatzeko erabaki irmoa asmorik onenez hartu duten arren, pertsonek egunerokoan ez barneratzea komunikazio helburuak eta helbideak; lehen egiten zuten bezala jarraitzea lanean. Eta lehengo norabidean eta moduan ari dira arraun egiten. Izan daiteke, kasu batzuetan, jarritako norabidean barik kontrakoan aritzea ere.

Enpresetako barne kulturaz ari gara, eta komunikazio estrategiak kultura aldaketa eskatzen du sarritan. Erakundeetan eraikitzen dugu halako “legedia” bat. Gehienetan idatzi barik dagoena, baina idatzitakoak baino garrantzia handiagoa izan dezakeena. Lan prozesuak idazten dira kanpoko laguntzarekin batzuetan, eta, egunean egunean, lanean hilabete batzuk egindakoan, lan prozesua bera ere pertsona bakoitzaren ideia edo kriterioekin harilkatu behar da. Hori ere barne kultura da. Barne kultura horrek ere laguntzen du gehienetan enpresek eta erakundeek funtzionatu dezaten.

Gure esperiantziak erakusten diguna da komunikazio plana formulatu bai, baina, formulatzeaz gainera, ezartzeko, erabakimen argia, dedikazioa eta diziplina eskatzen duela. Ez da logotipoa berritzea eta kito. Eta ezin da arin batean egin. Barneratu behar da plana ezartzeko dedikazio hori, ordaindutako profesionalak edo zerbitzuak zuzendu beharko duela gehienetan; eta zuzendaritzaren eta sail guztien lankidetza beharko duela beti.

Merkea izango da luzera begira. Zenbat eta denbora gutxiago itxaron norabidea aldatzeko, orduan eta arinago helduko gara helmugara, noraezean galdu gabe.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR