Mendraka txakolina irudiberritzen

Sute batek Mendraka Txakolindegia erdi suntsitu zuenetik bi urte pasatu direnean, lanaren ekinez ardoaren kalitatea hobetzea lortu dute, eta, jakina, baita baserria berriztea ere. Eta aurrerapauso hori irudira ere eroan gura izan dute.

Eta eskari hori ekarri zuten di-dara: logotipoa egokitu eta etiketa berriztea, eraberritzea botilaren etiketan islatzeko.

Ardoa maila hobekoa dela orain esan ziguten, txakolinaren berezitasunetik ardo zuri fin baterako bidea eginez; tartean, Bizkaiko txakolien maila altuan.

Hala bada, markaren tipografia garbitu, egokitu eta ikurra sinplifikatu dugu, oinarrizko elementua nabarmenduz: mahastia. Kolore bizietatik sentsazioak islatzen dituzten koloreetara jo dugu, bestalde; aurreko etiketan urre kolorea erabili zuten, eta orain, txakolina egiteko altzairuzko kupelak erabiltzen dituztela kontuan hartuta, tarteko kolorea proposatu genien: titanioa (Bizkaiko eraikin enblematiko ezagunenetakoak darabilena, bestalde). Horrenbestez, etiketaren irudiberritzea izan behar zuenetik hasita erakunde nortasuna berritzen amaitu dugu, hemendik aurrera webgunera eta gainerako euskarrietara ere eroango dutena.

Lan honek, gure ikasbidearen mesedetan eta lanaren gozamenerako, izan du beste ezaugarri bat ere. Ardoa sentsazio iturri bat izanik, zentzumenak garatzeko jokoa da, eta itsuak ere kontuan hartu ditugu. Eurek ere, nahiz eta ez ikusi, usaintzen eta dastatzen dute ardoa, eta baita botila ukitu ere. Beraz, Mendrakako kideekin batera, brailea erabiltzea erabaki genuen, eta inbestigazio lana egin dugu.

Brailea, itsuek interpretatzeko kodigoa,  tipografia bat da, eta bere arauak ditu: letra eta lerroen arteko distantzia, bolumena edo erliebea, neurria, kokapena… Hori ondo zaintzeko, itsuekin lan egiten duen profesionalengana jo genuen, eta eurek idatzi eta arautu ziguten arlo hori.

Esan beharra dago letra mota hori existitzen dela, Louis Braillek sortu zuen 1824. urtean eta berezko kodigo bat da; karaktere bakoitzak puntu kopuru eta distribuzioaren arabera definitzen ditu, eta hizkuntzaren arabera aldatzen dena karaktere bakoitzaren puntuen distribuzioa da.

 

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR