Mercadona eta Eroski

Azkeneko hileetan Eroskiko arduradunak kezkatuta ibiliko dira. Eta langileak ere bai, segurutik. Mercadonak 25 supermerkatu zabaldu nahi ditu EAEn. Gaiak hizketaldi askotarako emango digu herritarroi. Ikuspuntu askotatik aztertuko dugu gaia, gainera; lanpostuak irabazi edo/eta galdu, lan baldintzak, denda txiki eta handien arteko (des)oreka, politika eta bertakotasuna, kontsumo ohiturak, bertako produktuak, zerbitzu euskalduna eta abar luze-luzea.

Guk markaren ikuspuntutik eztabaida aberastu eta ondorio interesgarriren batzuk ateratzen laguntzeko ahalegina egingo dugu, jakin badakigulako Mercadonak hartu duen erabakian markaren balioak eragin handia izan duela. Eta ondorioz, argi daukagulako Eroskik borroka horretan ondo posizionatzea nahi badu, marka estrategia landu beharko duela eta luzerako erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituela.

Pentsatu dezagun zergatik datorren Mercadona arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Diru gehiago irabaztea nahi du, enpresa guztien modura, noski. Baina hordagoa jotzeko erabakia zergatik hartu du? Seguru arrazoien artean bat hau dela: bere markaren balioak %22 egin du gora 2012an  eta ondorioz apustua ondo ateratzeko moduan ikusten dute euren burua, indartsu. Eta lehiakidea? Eroski zorpetuta eta autoestimu kolektiboa makalduta dago. Onartutzat emango dugu, gainera, Mercadonak ondo dakiela euskal herritarron bere markarekiko dugun pertzepzioa ona dela. 25 denda zabaltzeko planaren zero puntua mila-euro askotako ikerketa izan behar da, derrigor.

Mercadonaren marka baliorik indartsuenak hauek dira: salneurrien estrategia, zerbitzuaren kalitatea eta kontsumitzailearekiko arreta oso fina.
Eta Eroski nola dago ikusita? Azkenengo urteetan inbertsio politika ikaragarria egin du Caprabo eta beste erosketa estrategiko batzuk eginda. Eta orain zorpetze horrekin maniobrarako gaitasun txikia duela ematen du.
Eroskiren marka balio indartsuenak hauek izango dira (seguruenik): bertakotasuna (bertakoentzat, behintzat), produktuen kalitatea eta prezioaren arteko oreka, eta distribuzio sarea.
Eta non emango da borroka hurrengo hileetan? Batetik, Eroskik hemengo politikagintzan duen indarra erabiliko du Mercadonari bidea zailtzeko. Hori da bertakotasunaren abantailatako bat. Baina, epe luzera zer egingo du? Guk kontu hauek begiratuko nituzke:
Bertako eta gertuko: Mercadona “gertuko” marka moduan ikusiko du euskal herritar askok, kanpokoagoak diren beste batzuekin alderatuta. Eroskiren bertakotasuna “ukituko” duen balioa izango da. Eroskik, gainera, indar eta diru asko inbertitu du estatu espainolera zabaltzen eta bertakoak zaintzea ahaztu egin du apur bat.
Bertako produktuak: bertakotasunaren balioa indartzeko (edo ez) balio duen beste gai baten inguruko erabakiak ere hartu beharko ditu epe laburrean; bertako produktuak komerzializatzekoa. Bertako produktoreak eta bertako erosleak zaindu beharko ditu.
Kalitate pertzibitua: kalitate pertzibitua da beste gaietako bat. Ez dira gutxi Mercadonako marka zuria Eroskikoa baino hobea dela esaten dutenak. Ea nork demostratzen duen preziorik onenean kalitate onena ematen duela.
Eta azkenik, enpresa eredua: Eroskik bere sektoreko beste erakunde gehienengandik bereizten duen balio hori atera beharko luke lehiara. Konplexu barik eta harrotasunarekin. Enpresa ereduari dagokionez, Eroskik irabaziko du borroka. Eroski langileena da. Langile multzo handi batena, gainera. Bi abantaila emango dizkio horrek kooperatibari; zerbitzua hobetzeko ahaleginean langile denak inplikatzea, alde batetik, eta, bestetik, erosleen leialtasuna lortzeko errazbidea izango da. Baina horretarako egitura juridikoa kooperatiba izateaz gain, gestio eredua ere kooperatiba izan behar da. Eta hori luzera begirako helburuen artean jarri beharra dago.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR