Zer CMS aukeratuko dut?

Zer da CMS bat?

Noizbait webgune bat sortu edo kudeatu baduzu, ez da berria izango zuretzat CMS hitza. CMS hitza ingelesetik datorren definizioa da (Content Management System), edukien kudeaketarako sistema, alegia. Baina zertarako balio du? Webgune batean txerta daitekeen sistema bat da, eta bere funtzio nagusia webguneak duen diseinua eta webgunean sartzen diren edukiak banatzea da, eta era berean, webguneak izan ditzakeen edukiak forma dinamiko batean kudeatzea.

Beraz, CMS batek webgune batean dauden edukiak kudeatzen ditu, webgunearen diseinuan eragin gabe.

Zein CMS erabili?

Merkatuan hainbat CMS daude aspalditik, batzuk ezagunak eta beste batzuk ez hain ezagunak. Merkatuan dauden CMS guztiak aztertzeko, blog oso bat beharko genukeenez, guk ezagunenak aztertuko ditugu, eta CMS ezaugarriak aipatuko ditugu, betiere gure esperientzian oinarrituta, hots, egingo dugun azterketa hau ez da guztiz objektiboa.

Esan bezala, CMS ugari daude, baina guk hiru erabilienak aztertuko ditugu:

  • WordPress
  • Joomla
  • Drupal
CMSen logoak

Honek ez du esan nahi besteak txarragoak edo hobeak direnik, bakoitzak bere abantailak eta gabeziak ditu. Beraz, norberaren beharrizanetara gehien egokitzen denarekin lan egitea merezi duela kontuan izanik, hurrengoko 5 galderak egin beharko lizkioke erabiltzaile bakoitzak bere buruari CMS bat aukeratzerakoan:

1. Zure beharrizanak kontuan izanik zer webgune mota behar duzu?

Webgunearen helburua kontuan izanik, bertan izango den informazioa aldiro eguneratuko den edo informazio estatikoa izango den aztertu beharko litzateke ezer baino lehen. Blog, foro, albisteak edo egunero berritu daitekeen edozelako atal bat izatea nahi bada, komenigarria da CMS bat edukitzea, lana asko erraztuko baitu. Bestalde webgune estatikoa baldin bada, hau da, enpresa bateko informazioa eta kontaktua soilik eman nahi baldin baduzu, ziurrenik CMSrik ez duzu behar izango.

2. Zure beharrizanak aldatzen doazen heinean webgunea handitzeko aukera behar duzu?

Azken lerroan esan bezala, baliteke webgune estatiko bat nahi izatea, bisita-txartel bat balitz bezala, bertan dagoen informazioarengatik eguneratzeko kezkarik ere ez izatea. Baina ondo aztertu beharko litzateke etorkizunean izan daitezkeen joerak eta norberaren beharrizanak. Gerta liteke, hasieran eduki dinamikoen premiarik ez sentitzea, baina aurrerago, webguneak eskain ditzakeen aukera guztiez jabetuta, bezeroak erakartzeko blog, foro edota denda birtual bat sortzea erabakitzea. Halakoetan, webguneak hasieratik CMS bat badauka, edozein momentutan modu erraz batean funtzionalitateak gehitu ahal izango ditugu.

3. Laguntza jasotzeko foroak al ditu CMSak?

CMS bat aukeratzerakoan eta erabiltzen hastean, garrantzitsua izaten da sor litezkeen zalantzak argitzeko komunitate edo foro bat izatea.

4. Erabiltzen erraz ikas al daiteke?

Askotan hobe izaten da erabiltzeko erraza eta arin ikasi daitekeen CMS bat erabiltzea, konplexuagoa den batek eman ditzakeen arazoekin jardutea baino.

5. Zenbat balio du CMSa jartzeak?

Ongi neurtuta izan behar da zenbateko aurrekontua onartuko den eta zer funtzionalitate nahi den webgunerako. CMS batzuk konplexuagoak dira jarri eta mantentzeko, eta horrek beharrezkoa ez den galera bat ekar dezake.

CMS bat zer den eta zer izan behar den kontuan azalduta, gehien erabiltzen diren CMSak aztertuko ditugu:

CMSen erabilera

WORDPRESS:

Munduko CMSrik erabiliena da (% 70). Bere potentzia blog motorrean datza, hasieran horretarako soilik sortua izan zen, baina gaur egun hainbat funtzionalitate dituenez edozein webgunetarako balio du. Erabiltzeko oso erraza da, denbora gutxian ikas daiteke eta bere interfazea oso intuitiboa da erabiltzaile ororentzat. Diseinurako hainbat txantiloi existitzen dira, asko doakoak, eta plugin asko ditu. Pluginak webguneari funtzionalitateak gehitzeko balio du, forma erraz batean, eta txantiloiak webgunearen itxura jartzeko izaten dira. Ez da beharrezkoa programatzaile edo garatzaile bat izatea WordPressa kudeatzeko eta diseinu eta itxura erakargarri bat mantentzeko CMS horren bitartez. Gainera, Foro eta komunitate handi bat du atzetik lanean eta dokumentazio asko dago WordPressari buruz.

Hala ere desabantaila batzuk ere baditu, gehien erabilia den CMS bat denez, eraso gehien jasotzen duen CMSa da. Honek ez du esan nahi ez dela segurua, baina aztertzen ari garen CMSetatik segurtasun txikiena eskaintzen duena da. Bisita kopuru oso handiak jasotzeko ez dago beste CMSak bezain prestatua.

Beraz, zer kasutan erabili daiteke CMS hau? Gehien bat blogetarako eta informazio bolumen ertaina dutenentzat oso egokia da, batez ere sarri eguneratzen badute informazioa eta funtzionalitateak gehitzeko orduan autosufizientzia bat eduki nahi baldin bada, nantentze lanen kostua merkatuz.

JOOMLA:

Denbora asko darama merkatuan, baina WordPress baino askoz gutxiago erabiltzen (% 15). Webguneak sortzeko eta webguneak moduluen bitartez kudeatzeko sortu zen, funtzionalitate jakin batzuekin, honek esan nahi du WordPressegaz alderatuta, webgune bati funtzionalitateak jartzeko ez dela hain aberatsa. WordPress baino zailtasun handiagoa du erabiltzerakoan eta itxura emateko txantiloiak eta funtzionalitatez hornitzeko ez da WordPress bezain erraza eta anitza; kasu batzuetan funtzionalitateak gehitzeko programatzaile edo garatzaile baten beharra izaten da. CMS honi buruz dokumentazio nahikotxo ere badago, WordPressak bezala, foroa eta komunitate ere baditu.

Segurtasun arloan WordPressa baino bisita kopuru handiko webguneak kudeatzeko sendotasuna izan arren, bere desabantaila nagusia da funtzionalitateak gehitu edo handitzeko konplexuagoa dela eta ez dela beti jasangarria.

Informazio bolumen handia eta bisita kopuru handiak dituzten webguneetarako egokia, nahiz eta funtzionalitateak gehitzerakoan mugatuagoa izan.

DRUPAL:

WordPress eta Joomla beste erabili ez arren (% 7), aztertzen gabiltzan CMSetatik seguruena da, bisita eta erabilera bolumen handiak jasan ditzake. Bere desabantaila da, besteekin alderatuz, erabilera zailagoa duela eta edozein funtzionalitate edo itxura aldatu nahi bazaio, gutxieneko programazio-ezagupenak eduki behar direla. Azkenean, aukerarik garestiena bihurtzen da, garatzaile edo programatzaile baten beharra baitu aldaketa handietarako.

CMS hau oraindik ez dago hain zabaldua, baina informazio bolumen erraldoiak eta bisita kopuru oso handietarako oso prestatua dago. Eragozpena da, ordea, funtzionalitatea eta itxurak gehitzerakoan garatzaile baten beharra duela eta horrek mantentze-lana garestitzen duela.

Share your thoughts

No Comments

Leave a Comment:

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR